Entzutegi
Nazionalaren aginduz, Burlataherria.org
herri komunikabidearen kolaboratzaile batek epailearen aurrean bitan deklaratu
ostean (martxoaren 13an Madrilen eta maiatzaren 10ean Iruñeako Guardia
Epaitegian), Entzutegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak, fiskaltzak hala
eskatuta, Burlataherria.org web
gunearen “behin behineko itxiera” agindu du, “terrorismoaren gorazarrea”
egotzita.
Burlataherria.org herri komununikazio tresna da,
batez ere, Burlatako ekimen, jardun eta gertaerak biltzen dituen komunikabidea,
zeinean era askotako herri ekimenen berri ematen den (kulturalak, udalekoak,
aldarrikatzaileak, ingurugirokoak, sozialak…). Hortaz, egindako itxiera, euren
jarduna zabaltzeko helburuarekin tresna hau erabili duten herri erakunde
guztien kontrako erasotzat hartu behar dugu.
Burlataherria.org Entzutegi Nazionaleko Fiskaltzaren
jomugan zegoen, herrian izandako hainbat ekitaldien berri bertan eman
izanagatik: manifestazio legalak, prentsaurreko publikoak edo herriko hainbat
bizilagunek espetxetik irtendakoan jasotako ongi etorriak. Guztiz neurrigabezkoa
eta gehiegizkoa da, etikarik gabekoa eta bidegabekoa, geure proiektu
komunikatiboak jasandako zentsura erasoa.
Adierazpen
askatasunaren aurkako erasoa ezezik, iritzi eskubidearen eta informazio
librearen aurkako erasoa ere da. Baita euskal errepresaliatu politikoenganako
elkartasuna kriminalizatzeko saiakera berria ere, hauen egoera latza ezkutatuz,
gatazka blokeatu eta luzatu bahian.
Hortaz,
“Iruñea Askatasunez” egindako deialdiarekin bat eginez, uztailaren 5ean, arratsaldeko 6etan Askas plazatik, “Burlataherria
Askatasunez” lemapean, zutabe bat irtengo da Iruñearuntz, bertan egingo den
manifestazioan parte hartzeko.